Eskolan egondako urteez ditudan oroitzapenak orokorrean onak dira. San Nikolas ikastolan negoenean, D.B.H-n zehazki, egia da beti kexatzen nebilela institutora joan nahi nuelako. Institutora heltzean, ordea, ikastola faltan botatzen nuen, bertan momentu alai eta on asko bizi izan ditudalako.
Gogoratzen dut patio orduetan beti futbolera jolasten genuela. Jolas ordu aurreko klasea bukatzen zenean, hamaiketakoa bizkor hartu eta korrika jaisten ginen patiora mutil gehienak, futbol zelaiko porteriaren zutoina ikutzera. Izan ere, zutoina ikutzen zuen azken pertsonari atezaina izatea tokatzen zitzaion. Normalean “Alemana” izeneko jokoan aritzen ginen. Joko honen helburua, baloiari hainbat kideren artean eta lurra ikutu gabe, zenbait pase eman eta gola sartzea zen. Jokalari bakoitzak puntu bakarra zuen eta gola sartzen bazizuten, eliminitatuta geratzen zinen. Arrazoi hori dela medio, inork ez zuen inoiz atezaina izan nahi.
Behin, pase bat eman zidaten eta buruz errematatzera nindoan momentuan, atezainak gola ekiditzeko intentzioarekin, bultzatu ninduen eta zutoinaren aurka eman nuen kolpea. Kolpe horrek eraginda, belarriaren atzekaldean zauri bat egin eta odoletan hasi nintzen. Momentuan mina egin zidan arren, zauria garbitu eta jolasten jarraitu nuen.
Patio guztien amaieran txirrinak jotzen zuenean, pilota ikutzen zuen azkenengo pertsonak klasera igo beharra zuen. Inork ez zuenez pilota igotzeko erantzukizuna izan nahi, eskailerak korrika igotzen genituen bitartean, batak besteari botatzen genion pilota, era horretara gainerakoei eman eta pilota eskaileretan behera jauzteko asmoarekin. Askotan irakasleek harrapatzen zigutenean baloia kendu egiten ziguten. Orduan, pilota azkenengo aldiz ikutzen zuen pertsonari botatzen zitzaion errua. Irakasleek harrapatzen ez ziguten kasuetan, gauza ez zen eskaileretan amaitzen, ikasgela ere jarraitzen zuen. Patiotik heltzean gelako leihoa ireki ohi genuen eta batzuetan bertan eseritzen ginen airea hartzeko. Kasu horietan, bertan eserita egoten zen lagunari baloia jaurtitzen genion, ari eman eta beheko patiora erortzeko asmoz.
Egun hartan, gela barruan jolasten ari ginen. Leihoan ikaskide bat eserita zegoen eta hari jaurti genion pilota. Zorte txar handiarekin, pertsonari jo beharrean, leihoaren izkina batean errebotatu eta zabaiko argiei eman genion, hauek irakaslearen mahai gainera eroriz eta zarata ozen bat eginez. Denok elkarri begira geratu ginen isilik eta aho zabalik. Irakaslea iristeko minutu gutxi batzuk besterik ez ziren falta. Tarte hori aitzakiaren bat pentsatzen eman genuen. Irakaslea heltzean, argi horiek bakarrik erori zirela esan genion eta logikoa den bezala ez zigun sinetsi. Horren ondoren gertatutako kontatu behar izan genion; eta ondorioz, iskanbila horretan parte hartu genuen mutil guztioi falta arin bat bidali ziguten.
No hay comentarios:
Publicar un comentario